Egitaraua >> ASTRAren etorkizunari begira
ASTRAren etorkizunari begira
Asteazkena

Egun honetan, orain 10 urte, 2006ko otsailaren 18an bigarrenez okupatu genuen Astra. Astra okupatu hartan 2 urte luze eman genituen. Hirugarren okupazio bat ere egin behar izan genuen Pasilekuko eskoletan Gernikeko gaztetxie sortuz.

2006ko otsailaren 18 hartan hasi ginen gaur egungo Astrari forma ematen; proiektua idazten, etorkizunerako oinarriak ezartzen, egiteko moduak barneratzen… Ondo eta txarto egindakotik asko ikasi genuen eta bizipen sakon eta oparo haiei esker gara hein batean gaur garena.

10. urteurren honetan indarrak metatzeko gogoa eta indarra sentitu dugu berriz, batera aritzeko testuinguruak sortu dira Astran berriz ere. Indarrak metatzetik harago baina, Astraren zereginetakoa da indar horiek hedatzea, zabaltzea…gazte, emakume, sortzaile, migratu, kolektibo eta oro har herritar eta mugimendu ezberdinen ahalmena zabaltzea. Ahalduntzea.

Abenduan esan genuen urteurreneko egitaraua bitan banatu genuela. Alde batetik, okupazioaren memoria landu nahi genuen, eta, bestetik, Astra etorkizunera begira jarri.

LEIHOAK

Abendu eta urtarrileko egitarauaren ostean, Astraren etorkizunera begiratzeko leihoak zabaldu nahi ditugu. Zeregin horretarako datozen hilabeteetan zenbait ariketa planteatu gura dizkiogu geure buruari.

Ariketa horren barruan bi arlo landu nahi ditugu. Lehenbizi pertsonen arteko harremanak. Gure egunerokoaren oinarri dira lagunak, familiak, bikoteak, kuadrilak… Badirudi bizitzan bide bat markatuta dugula: eskolako kuadrillarekin ibili beti, karrera bat ikasi, bizitza osorako bikotea aurkitu, umeak izan… Baina batzuetan beste zerbait nahi dugu eta zaila egiten da markatzen diguten bidetik ateratzea. Oso gutxitan batzen gara horrelako kontueri buruz berba egiteko, beti bigarren maila batean geratzen da, baina gure bizitzaren oinarria harremanak eta zainketak dira.

Bigarren ariketak etorkizun ekonomikoarekin dauka zerikusia. Ez Astrarena baizik eta Astrak inguruan dituen bizilagunena; Gernika-Lumo eta eskualdearen etorkizun sozioekonomikoa. Gero eta gehiago dira lan aukeren bila eskualdea utzi behar duten gazteak. Egoera honen aurrean eztabaida zabaldu eta zer egin dezakegun hausnartu nahi dugu.

Ariketa hauen bidez Astraren eragiletasunaren inguruko eztabaidan sakondu nahi dugu. Hau da, zein izan behar den Astra Proiektuaren papera inguruan dituen gertaera, mugimendu edo arazoekiko.

Prozesu honen lehenengo geralekua datorren otsailaren 26an jarri dugu. Astraren neguko asanblada egingo dugu egun horretan arratsaldeko 19:00etan. Han espero zaituztegu!